XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal gizonezkoak dira gaur egun berantiarrenak ezkontzen

Hego Euskal Herriko eta Castilla-Leoneko gizonezkoak urte aldetik berantiarrenak dira ezkontzen Estatu espainolean, Demografia Institutuak egindako txostenak adierazten duenaren arabera.

Ezkontzen goiztiarrenak, ordea, Baleare Irletako eta Murciako gizonezkoak dira.

Demografia Institutuaren txostenean ageri denez, Hego Euskal Herrian eta Castilla-Leonen 28 urtetik gora dituztenean ezkontzen dira gizonezkorik gehienak.

Baleareetan eta Murcian, ostera, 26 urte inguru dituztenean.

Beste alde batetik, ezkongaien arteko urteen aldea urtetik urtera jaisten ari da Estatu espainiarrean.

1975ean aldea 3,5 urtekoa zen eta 1986an 2,57koa besterik ez.

Argitara eman den Demografia Institutuaren txostenean azaltzen den beste datu batek adierazten duenez, 1986an Estatu osoan 25-29 urte bitartean ezkondutako gizonezkoen kopurua, %51,73koa zen, nahiz eta Nafarroan datu hori nabarmen baxuagoa izan.

30-34 urte bitartean ezkondutakoen kopurua, ostera, %77,06koa zen.

1975-1986 bitartean, orokorrean gizonezko ezkonduen kopurua nabarmen jaitsi zen.

Baina jaitsiera hori batez ere Madril eta Euskal Herrian izan zen.

Hala ere, berandu edo ez ezkontzeko joera, azken urte hauetako kontua besterik ez da.

Egindako ikerketaren arabera, joera horren arrazoitzat, industri krisia eta diru faktoreak izan daitezke.

Izan ere, etxebizitzen prezioak, gazteen hezkuntzaren luzapena eta gazteen artean langabezia oso altua da gaur egun Estatu espainolean.